Hoineko erreflexologia zer da ote ?


Frantzian gero eta haboro ezagütüa eta erabilia den erreflexologia zientzia bat da, gure korpitzeko zati bakotxak hoinetan bere « erreflexa günea » badüala jakitetik abiatzen dena.

Güne horien zapatzez, behatzarekin eta eriekin egiten den terapia hori, iholako parerik gabeko sendakuntza izaera emaiten deio hoineko erreflexologiari.

Hoin zolatik lotüra egiten dü korpitzeko sistema multzoarekin eta, hala beharrez, zati zonbaiten ebiltea berriz hokian ezarten dü. Erreflexologa batek nahasdüren leküa edireiten ahal dü eta hola, osagarriko arrazu zonbaiten berainezko gisan gaintitzen lagüntzen ahal dü.

Jakin behar da hoin bakotxeko 7200 zain püntak algar lotürik direla korpitzeko zati bakotxari, hünaren eta bizkarrünaren bidez.

Ordüan, hoineko erreflexologiak soin orotako zainehün eta odolebilkak hokian ezarten ahal dütüela ohartzea ez da harrigarri.

Hoineko erreflexologia zertako ?

Estres eta soineko nahasdüren ondorioentako da bereziki, hala nola korpizki baten funkzioa bera düdan ezaririk delarik, adibidez logabea, ezinedena, akidüra, bürümina, hasbahidüra, sinusita, gibelmina, erxetako traba, lotgüne gogordüra, ginekologia... Hoineko erreflexologia zoin nahi jententako egokia da, bai eta ere adineko jententako eta haurñientako.

Begirazale eta sendozale, hoin eta zankoentako ere hanitx laxazale da. Ontsatarzüneala eramaile eta osagarriarentako hongarri, erreflexologiak ondorio laster eta iraünkorrak ba dütü. « Bedezigintza goxo » hori biziarazten da bedeziek manatü sendabideen osogarri gisa.

Hoineko erreflexologiaren historika.

Hoineko erreflexologiaren lehen egiteak Egipta zahar garaikoak lirateke. Hilkütxetan zizelkatürik izan dira erreflexologia egitateak, hala nola Ankmahor-en hobian, Saggarah herrian. Gure milurtean, hoineko erreflexologia mündü orotan erabilirik izan da, bereziki orienteko eta ekialdeko zibilizazioetan.

Gure garaiala arrajinez, aipa ditzagün William H. Fitzgerald et Shelby Risley bedeziak, erreflexogiaren hedatzeko hanitx ekarri düelakoz. 1917an, Fitzgerald bedeziak argitaratü züan " Zone therapy" libürüa eta hortan agertzen züan nola dolorea eztitü erreflexologiako oinarrien bidez.
Geroxago, Eunice Ingham izeneko amerikar kinesiterapiazaleak zorroztü dütü zientzia horren teknikak eta Ingham eskola sortü dü.